XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IKAS-BI AINTZINA GOITI ARI

Ikas-Bi elkartearen besta ederki iragan da Donibane Lohizunen, herri hortako teniz estalien aterbean.

Kanpoan egoiteko, aski aro hitsa baitzen alabainan!

Barnean aldiz, giro goxoa, haur ainitz, denak loriatuak, burraso eta erakasle frango.

Ikas-Bi-k arrunt berea dauka eskola publikoetako gela elebidunen sarea ta ikusten du sare hori, denen artean akulatu lanari esker, ari dela hedatzen eta azkartzen.

2500 haur badabiltza gela horietan, ixtante 3000 izanen.

Emendatze hori oraino gehiagokoa ere litake borondate on nasaiagoa erakusten balute Parisen eta hor gaindi...

Dena den, Ikas-Bi-ren kudeatzaileak besta horren karietarat mintzatu dira kargudun askorekin.

Hor izan baitira Nicole Pery minixtro-laguna, Jean Espilondo deputatua, Frantxua Maitia eta Jean Lissar, Akitaniako lurralde batzarrean direnak, beste hautetsi multxo bat eta Baionako suprefeta.

SOBERA ETA EZ ASKI

Ainitz aipatu da euro-karta hori, frantses gobernuak izenpetua duena berrikitan.

Gai hortaz, Nicole Pery garbiki mintzatu da: badakiela Frantziak egin duen izenpetzea eskasegia dela ainitzen gostuko bainan denbora berean beste ainitzentzat onartu hein hori ere sobera dela...

Partida bestenaz ere ez dela oraino irabazia, deputatuek onartu behar-eta euro-karta eta alderdi guzietan izanki onartze horri buruz ez direnak batere bero...

Denak halere itxaropentsu gelditu dira, Ikas-Bi-k bere aldetik nahi du hartu bidetik segitu beti eta kar gehiagorekin.

Eta helduden irailean zortzi gela elebidun berri behar litazke ideki, ez baita hori ere batere berri txarra...!